ETXEBIZITZA LEIOAN
ETXEBIZITZA LEIOAN
Leioako Udaletxeak Babes Ofizialeko 1.000 etxebizitza (BOE) eraikiko dituela esan du, baina egin nahi dituen txaleten kopurua isildu du. EAJk eta EB-Aralarrek osatzen duten udal-taldeak ildo horretan ahaleginak egiten dituztelaren itxura egin nahi du, baina marketing hutsa da.
Eraiki daitezkeen BOEtatik, legeak ezartzen duen gutxienekoa eraikiko dute. Gainera, hirigintza planan egin azken aldaketak ez dira egon bideratuta ahalik eta BOE gehien egitera. Ondizko lurren %100 BOEak egiteko gordeta zegoen, baina plana aldatu dute salmenta libreko etxeak eraikitzeko. Hiri-antolamendurako Plan Nagusiaren baitako (HAPN) aldaketak irailaren 20a baino lehen egin dituzte. Zertarako? Lurzoruaren Lege berria aplikatu behar ez izateko, eta ondorioz, eraiki beharreko etxebizitzen artean %65 BOE bakarrik egiteko, %75 beharrean.

BOEak eraikitzeko iragarpena marketing hutsa da herritarrek udalaren hirigintza-politikari erantzun ez diezaioten. Leioaztarrei baino, enpresa eraikitzaileei mesede egiteko diseinatu dute hirigintza-politika. Lurzoruaren zati handi bat hipotekatuko dute, ez dute konponduko etxebizitzaren arazoa, ez baitute bermatuko leioaztar guztientzako sarbidea etxeotara.
Oinarrizko eskubide bat ez lukete zozkatu behar, bermatu beharko lukete. Demagun beharrezko mediku zerbitzua jasotzeko zozketa egingo luketela Osasun Zentroan… Imajinaezina, ezta? Bada, horixe bera gertatzen da etxebizitzarekin.
Gainera, Udaletxeak ez du inolako proposamenik egin hutsik dauden 1.376 etxebizitzekin. Etxebizitzarako sarbidea bermatzeko, beharrezkoa da etxebizitza publikoaren plan bat eratzea, batez ere alokairu sozialekoak. Udaletxeari presioa egin behar diogu gure eskubidea berma dezan. Mobilizatu beharra dugu etxebizitza duina izateko eskubidearen alde, Udaletxearen hedapen planen aurka, eta alokairu sozialaren alde.
Rakel Olea eta Ana Ortega Paris, Leioako Ezker Abertzaleko zinegotziak
Iruzkinik ez
Oraindik ez dago iruzkinik.
Bidalketa honen iruzkinentzako RSS jarioa.
Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.













