GAURKO ABSTENTZIOA BIHARKO ZURE BERMEA DA, MARTXOAREN 9AN ZUK ERABAKITZEN DUZU: ABSTENTZIOA
Euskal Herrian bizi dugun eskubide bortxaketa eta defizit demokratikoa oso larria da. Egoera honek izen bat du: Salbuespen egoera. Eta helburu argia du: Euskal Herria aldaketa politikoaren atarian dagoen honetan, euskal independentismoarekin amaitzea.
Aldaketa politikoak lurraldetasunean eta erabakitzeko eskubidean oinarritu behar duela gaur-gaurkoz ez du inork zalantzan jartzen. Halaxe ari da gertatzen XXI. mendeko Europako beste nazio batzuetan, eta Euskal Herrian ere, aldaketa politikoa norabide horretan gauzatzeak independentziari ateak ireki, eta Euskal Estatua eratzeko aukerak sortuko lituzke.

Etorkizuneko aukera horren aurrean, Espainiako Estatuak Euskal Herriari askatasunaren hegoak ebakitzea erabaki du, alderdi politikoak ilegalizatuz, zuzendaritza politikoak espetxeratuz, euskal gazteria atxilotuz eta torturatuz, edota gizarte mugimenduak kriminalizatuz. Eta hori guztia ez litzateke posible izango erregionalisten erabateko laguntzarik gabe.
Testuinguru politiko horretan egingo dira azken 30 urte hauetako hauteskunde antidemokratikoenak. Euskal Herriak ezin du pantomima honetan parte hartu. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da euskal gizarteak plantoa egitea, Euskal Herriaren eskubideen alde eta salbuespen egoera honen aurka.
Ezin dugu iruzur honekin bat egin. Euskal herritarrok ezin dugu salbuespen egoera hau ahalbidetzen duen botorik eman; ezin dugu norbanakoen interesek gidatutako botorik eman; ezin dugu berme demokratikorik gabe sufragio unibertsala gauzatu.
Aurrera egiteko ordua da, independentziarako garaiak dira, Euskal Herriaren ordua da.
Horregatik dei berezia egiten diegu abertzale eta aurrerakoi orori abstentzioaren aldeko hautua egiteko;
- Salbuespen egoerari, torturari, atxiloketei, ilegalizazioei… STOP esateko, ABSTENTZIOA
- Lurraldetasunaren eta erabakitze eskubidearen alde, ABSTENTZIOA
- Independentzia eta Euskal Estatua sortzea ahalbidetu dezakeen Marko Demokratikoaren alde, ABSTENTZIOA
- Estatu faxista batek antolatu dituen hauteskundeen aurrean, ABSTENTZIOA
- Benetako aldaketa politikoaren alde, eta iruzur berri baten aurka, ABSTENTZIOA

















