Hizkuntza politika berria eztabaidagai
Martxoaren 20an euskalgintzako hainbat jendek parte hartu zuen ezker abertzalearen euskararen herri programaren zirriborroa eztabaidatzeko topaketan.

Parte hartu zuten kideak bat etorri ziren Leioan orain artean aplikatu den hizkuntza politika hutsaren hurrengoa izan dela, erabat eznahikoa ez bakarrik euskararen berreskurapena lortzeko, baizik eta areago, euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatze hutserako ere guztiz eznahikoa. Izan ere, orain artean, Leioan burututako hizkuntza politika (egon dela esaterik badago) euskara bigarren mailako hizkuntza izatera bideratua izan da, euskara gaztelaniaren menpe bizirautera bideratua gehienez jota.
Iritzi nagusia zen behingoarren beharrezkoa dela Leioan Hizkuntza Politika berria ezartzea, helburu euskararen erabateko berreskuratzea izango duen hizkuntza politika.
Zentsu honetan aurkeztu den Leioako Hizkuntza Politika Berriaren zirriborroak planteatzen duen norabide eta neurri praktikoak zuzenak direla izan zen topaketa honen iritzi nagusia, eta honako ekarpenak egin ziren zirriborroa osatzeko asmoz:
o parte hartu zuten guztiek garrantzitsua zeritzoten "euskal hiztunak" eta "euskaldunak" kontzeptuak bereizteari, hau da, "euskal hiztuna" euskaraz dakiena eta "euskalduna" euskara jakiteaz gain euskara hizkuntza propiotzat ulertuta eguneroko komunikazio tresnatzat nahi duena eta euskararekin bat euskal kulturaren jabe ere izan nahi duena. Behin kontzeptuok bereizita eta argi utzita, jendearen iritzia zen ezker abertzalearen helburua euskara eta euskal nortasuna, kultura adierazleak eta abar baterako elementutzat bultzatzea.
o beste ekarpena izan zen (txostenean ere horrela azaltzen den arren) nolabait indartzea Administrazioan jada erabateko normalizazioaren zain egon gabe euskaraz artatua izateko eskubidea bermatzea; ikusi beharko litzateke nola (euskarazko zirkuitua, …), baina jada bermatu euskaraz nahi duenari euskarazko zerbitzua eman egingo zaiola.
o beste ekarpena izan zen nolako garrantzia duen ordezkari politikoek parte hartzen duten bilerak euskarazkoak izatea, eta ezker abertzaleak norabide horretan bultzatu eta indarra jarri behar duela.
o nahiko eztabaida izan zen gure jardueraren elebitasunaren inguruan, zehatz-mehatz eztabaida hauxe izan zen: ea jada euskara, kultura eta gazte politika bezalako arloetako programak eta jarduera guztiak euskera hutsean azaldu behar genituen, ala transizioz euskera nabarmenduta baina gaztelaniaz ere nolabaiteko laburpena edo eskema eginda. Edozein kasutan argi ikusten genuen gure jardueran jada euskararen aldeko diskrimazio progresiboa nolabait aplikatu behar dugula.
Bukatzeko esan, Udalean egingo dugun lana lortuko dugun indar korrelazioak mugatua ez egoteko oso garrantzitsua ikusten dugula herritik bertatik ere gure programak markatutako norabidean bultzatu eta presioa eragitea, horretan ere buru belarri segitzeko konpromisoari eusten diogu, eta dei egiten diogu euskalgintzari hizkuntza politika berreskuratzailearen norabidean bidelagun izan eta lana artikulatzeari.
















